martes, 23 de octubre de 2007

Lengo urteko nesken lehen derbia

ATHLETIC 3
REALA 0

Athletic: Ainhoa Tirapu, Zuriñe, Moreno, Tzibi, Rodriguez (Uriagereka, 60.m), Guru, Itziar Gurrutxaga, Olabarrieta (Zarate, 66.m), Ibarra, Erika (Jessi, 78.m) eta Eba (Murua, 68.m). Reala: Ieregi, Etxaniz, Galdona (Lizardi,70.m), Mateos, Elgorriaga (Itsaso, 60.m), Landa (Evelin, 28.m), Gurutze, Lizaso, Nabaskues, Lucas (Laura, 60.m) eta Encinas. Epailea: Lejarazu. Ez zuen txartelik atera. Golak: 1-0, 4.m: Guru. 2-0, 46.m: Erika. 3-0, 56.m: Guru. Gorabeherak: Erabat bete ziren Lezamako harmailak. Partida hasi aurretik, futbola utzi berri duten Capak eta Onaindiak omenaldia jaso zuten.


BILBO


Aitzakiarik gabeko garaipena eskuratu zuen Athleticek emakumezkoen maila nagusiko lehen derbian. Bilbotarrak askoz ere gehiago izan ziren, eta ongi merezitako garaipena lortu zuten Realaren aurka.
Gipuzkoarrak oso urduri zelairatu ziren, eta lehen minutuetan oso gaizki pasatu zuten. Bizkaitarrek erasora jo zuten, eta lehen hiru minutuetan bi aukera garbi izan zituzten etxekoek. Lehenengoan, Olabarrietak kanpora bota zuen, eta bigarrengoan Ieregi atezainak geldialdi bikaina egin zuen Eli Ibarraren jaurtiketa baten ostean. Laugarren minutuan, ordea, etxekoen lehen gola etorri zen. Olatz Ieregi atezainak baloia gaizki urrundu zuen, eta Guruk ez zuen oparia alferrik galdu.

Hortik aurrera donostiarrak lasaitu egin ziren, eta atzean oso ongi kokatu ziren, baina baloia oso erraz galtzen zuten. Athleticek presioa ongi egiten zuen, eta horiek berahala egiten ziren baloiaren jabe. Erraz joaten ziren Realaren area iskinara, baina han izaten zituzten arazoak. Hala ere, lau edo bost aukera izan zituzten golen bat lortzeko, baina ez zuten asmatu, eta horretan, Olatz Ieregi atezainak erru handia izan zuen. Lehen golean huts egin bazuen ere, gero taldeko onena bera izan baitzen. Beraz, atsedenera 1-0ekoarekin joan ziren. Bigarren zatian, hamaika minututan erabaki zuen Athleticek norgehiagoka. Lehen jokaldian, Erikak buruz ederki errematatu zuen falta bat, eta bigarren gola egin zuen. Hamaikagarren minutuan, berriz, Guruk ederki bidali zuen baloia sareetara, ezkerretik egindako erdiraketa bati amaiera ezin hobea emanez.

Hortik aurrera, Athleticek presioa jaitsi egin zuen, eta Realak hartu zuen baloiaren jabetza. Lauraren eta Itsaroren zelairatzeak freskotasuna eman zien gipuzkoarrei. Hala ere, Lauraren jokaldi eder bat eta Itsasoren falta jaurtiketa bat izan ziren donostiarren aukerarik onenak. Amaieran, garaipena Bilbon geratu zen, eta ongi merezita, Reala baino dezente hobea izan baitzen. Gipuzkoarrek, hala ere, ez zuten etsi, eta amaierara bitarte borrokan jarraitu zuten.

No hay comentarios: